XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) gogoratzen ditudanean...

Oraindik ere beldurra ematen didate: begi txikiak zituen, bel-beltxak, bekain iletsu ilunen azpian, eta halako su bat zerion begirada hari.

Ez begiradari bakarrik, bera osorik beti erre-erre eginda zebilela esan zitekeen.

Edo Gorkak esan ohi zuenez, horrek pipermina sartzen dik goizero ipurtzulotik, bestela ezin litekek.

Ezin zitekeen, baina halaxe zen.

Harako bronka hura beste askoren arteko lehena besterik ez zen izan.

Gutxi behar zuen hark egundoko sermoia botatzeko.

Ez sermoi hutsa gainera: don Manuelek ere, katekesia eta horrelakoak ematen zizkigunean adibidez, botatzen zizkigun bere sermoiak, baina guztiok bagenekien ez zegoela haien beldurrik izan beharrik.

Txintxoak izan eta horrelako zozokeriak esaten zizkigun, belarri batetik sartu eta bestetik ateratzen zitzaizkigunak.

Txintxetarekin, berriz, guztiz ezberdina izaten zen: diziplina aipatzen bazuen, edo klasera garaiz iritsi behar zela, edo bere azalpenetan zehar isilik egon behar genuela, hura ez zen jaramonik egin gabe pasatzen uzteko sermoia:

hura agindua zen, eta bagenekien agindua bete ezean zigorra ez zigula Jaungoikoak beste munduan emango, don Manuelen kasuan bezala, baizik eta Txintxetak berak, orduan bertan, laster asko erakutsi zigunez.